Santamasen historia
Urte mordoxka igaro dira Arrasateko kontzejuari Santamasetako feria egin ahal izateko baimena eman zitzaionetik. 1351ko irailaren 20ra arte igo beharko genuke, Gaztela eta Leongo Pedro I erregeak –historiak “Krudela” izengoitiarekin ezagunagoarazi duena- Valladoliden izenpeturiko idazki batean, Arrasateko azoka nagusia abenduaren 21, 22 eta 23an egiteko emandako agindua aurkitzeko. Beraz, oraindik ospatzen den feriaren ohitura ez da atzo goizekoa.
Jakina den legez, Mondragón hiriak laurogei eta hamaika urte zituen une haietan eta adinean gaztea zen arren, merkatal jarduerarako aparteko abilezia erakutsia zuen, lekukotasun idatziek garbi asko adierazten digutenez.
Alfontso X-ak herriaren sortze-agiria sinatu zuenean ere arresatearren nolakotasun hori kontuan izan zuela esan genezake, bertako burni-meatz aberatsak zirela eta. Eta horren egiaztapen gisa har liteke, Mondragón sortzeaz bat hiritar berriei pribilegioak ematen hasi zela, batez ere kanporako merkataritza berme osoz gara zezaten. Areago, erraztasun horietaz baliaturik badirudi garai haietako mundrautarrak kontrabandoko jardunean maisu genituela, 1270ean Logroño hiria kexu azaldu baitzen Alfontso X-rengana, haiek Logroñotik zehar Nafarroako erresumara ganadu eta beste hainbat salgai ezkutuan sartzen zituztela salatuz.
Leintz bailarako herri nagusi bezala, merkataritzarako nolakotasun bereziak zituen Arrasatek, Aramaio, Bizkaia eta gipuzkoar itsasorako gurutzebidean, eta horregatik ez da batere zaila historiako hainbat alditan erret-ebazpenen bidez lagundua izan zela ulertzea. Eta euren herriaren kokapen estrategikoak ahalbideturiko abantailez ohartuta, arrasatearrek modu adimentsuaz garatu zuten merkatal jarduera. Herritarrek uneko erregeengana jo zuten behin eta berriz, ekintza komertziala arautzen lagungarri gerta zekiekeen erabakien eske. Horrela, poliki poliki, kanporako merkataritza ez ezik barnekoa susper zezaketen arauak aldarrikatu ziren eta Arrasate puntu garrantzitsua bilakatu zen, gaztelar erregeek lurraldean nahi zuten oinarrizko hiri-egituran.
Mondragón sortu berriaren garapenerako onuragarria izango zelakoan, Pedro I erregeak santamasetako feriak instituzionalizatu eta ofizialdu zituen. Garaiko idazkiek dioskutenez, inguruko baserritarrak eta eskutariak hurbiltzen ziren azoka egunetan, beraien gaiak saltzera eta behar zutena erostera. Merkatal operazioaren gaineko balizko zerga kontzejuaren esku geratzen zen. Areago, ordurako bazuen herriko alkateak ahalmena, herrian zorpetzen zen merkataria epaitu ahal izateko. 1345eko irailaren 25eko idazkian Alfontso XI-ak alkate zenari boterea luzatzeko argudiatutako arrazoia bitxia da: “porque la nuestra villa non se hierme e sea mejor poblada”. Zalantzarik gabe, era guztietako erraztasunak eskaintzen zitzaizkion herriari, hazten eta aberasten joan zedin.
Non egiten ziren azoka haiek? Suposatzekoa da ez zirela, eraikitzen ari ziren harresietatik oso urrun egongo. Dena den, denboraz Kontzejuak ferien arautegia osatu zuen eta –Jose Maria Uranga arrasatear historialariak dioenez- Meatzerrekako San Valerio baselizara aldatu ziren. Arrazoia? Burdinako meatzek sorturiko jardueratik hurbilago egoteaz aparte ez zait beste ziorik otutzen. Edozein modutan, 1727tik aurrera feriak herriko harresietaraino ekarri ziren, hain justu Beheko Portalera. Eta toki horretan egin ziren, 1926an -ordudanik Uherkapeko ferixal lekua bezala ezagututakora aldatu arte.
Pedro I Krudelaren garaietatik seiehun urtetako jauzia emanez, gure haurtzaroan Arrasaten ezagutu genituen feria egunetara helduko ginateke. Ordurako abenduaren 22ko ospakizuna bakarrik geratzen zen, hastapenetako hiru haietatik. Data horretako goizean zain egoten ginen umeok, herriko kaleetatik ferixalerantz baserritarrak euren behi eta idiekin noiz igaroko ote ziren. Eta goiz erdirako bazterrak tipo arraroz beteta zeuden, txerpolari, kalakari eta gauzarik bitxienak saldu guran mezu barregarriak helarazten zizkiguten txarlatanak nonahi.
Arrasatearrontzat esanahi handiko jaia zen eta oraindik ere halaxe izaten segitzen duela baieztatzera ausartuko nintzateke, ospakizunak naturaltasuna galdu badu ere. Baina hori ez da jai honi soilik dagokion galera, gure gizartearen bilakaera oroirensleak desagertaraziriko guztiak zaku bertsuan daude eta. Horren egiaztapen garbi bat, adibidez, artisautzarekin dago lotuta, artean XX-eko erdialdean normaltasunez aurki genitzakeen otarre, abarka, uztarri eta gainerako lanabesen salmahaiak gaur egun folklore-tantak ukituta daude. Eta ez dago bueltarik.
egilea
Josemari Velez de Mendizabal